XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Narratzailea ez da inondik ere azaltzen, ezkutatu egiten da.

Maila berdinean ematen ditu deskripzioa, kontaketa eta barne bakarrizketa.

Irakurlea da hiru maila desberdin horiek berezi behar dituena.

Honek kontaketari izugarrizko abiadura eta arintasuna ematen dio.

Oso berezia da, eta berria, kontatzeko era hau euskal nobelagintzan.

Elkarrizketekin ere gauza bera gertatzen da, plano desberdinak nahasten ditu.

Adibidez, 94. orrialdean, Jean Louis bere lagunarekin telefonoz ari da hizketan eta tartean bere ondoan dagoen Maurice-ri agindu batzuk ematen ari da.

Bi planoak nahasten ditu, bati dioena eta besteari dioena tartekatuz.

Beste teknika bat elkarrizketetan asko erabiltzen duena zera da, batez ere telefonoz ari denean erabiltzen du, batek dioena bakarrik ipintzen du, besteari esaten ari dena bakarrik entzuten baitu, narratzaile objetiboak ere, baina honen erantzunetan garbi-garbi ikusten da besteak zer galdetu edo esan dion.

Adibidez, 95. orrialdean, hor garbi ikusten da besteak sentitzen duela esan diola eta deitzeko eskatu diola.

Berritsuaren bakarrizketan hau erabat agertzen da, hitz egin Berritsuak bakarrik egiten du, baina noizean behin besteak zer esan dion eta zer galdetu dion ikusi egiten da Berritsuak esaten dituen hitzetan.

Adibidez, 31,32,33,34,56,112 orrialdeetan.

Bakarrizketa

Bakarrizketak askotan agertzen dira, baina ez dira bakarrizketa klasikoak, barne bakarrizketak, baizik.

Oso ondo datozkigu gainera, barne bakarrizketa hori zer den zehatz-mehatz ikusteko.

Alde batera utziko dugu Berritsuaren bakarrizketa, bakarrizketa luze bat bezala har badaiteke ere eta beste gaiari dagozkionak bakarrik aztertuko ditugu.